Enpresaburu, zuzendari exekutibo eta idazlea da. Texasen jaio, Holandan hazi eta Cambridgeko Unibertsitatean ikasi zuen. BBC Irratian aritu zen lanean bost urtez. Bertan, dozenaka dokumental eta lan dramatiko idatzi, zuzendu, ekoiztu eta enkargatu zituen.
Telebista ekoizle lanetan ere aritu da; esate baterako, film dokumentalak egin ditu Timewatch, Arena eta Newsnight kateetarako. “Out of the Doll’s House” dokumental sarituaren ekoiztetxeetako bat izan zen. Emakumearen historia XX. mendean azaldu duen lana da.
Frantziako Iraultzari buruzko telesail bat sortu eta gauzatu zuen (The French Revolution) BBC eta A & E-rentzat. Halaber, bideo musikalak ekoiztu ditu Virgin Records etxearekin eta London Chamber Orchestra orkestrarekin, Unicefeko Libanoko funtsarentzat dirua biltzeko.
BBC utzi zuenean, IPPA merkataritza-elkartea zuzendu zuen. Elkarte horrek zinema eta telebista arloko ekoizle independenteen interesak defenditzen ditu. Financial Times egunkariaren esanetan, elkartea “Ingalaterrako lobbyrik itzelena” da.
1994an, Estatu Batuetara itzuli, eta gai publikoen kanpainetan lan egin zuen Massachusettsen, eta multimedia sektorean sartzen saiatzen ari ziren software konpainiekin. Hainbat enpresarekin produktu multimediak garatu zituen: Peter Lynch, Tom Peters, Standard & Poors eta The Learning Company. Gero, CMGIn hasi, eta negozio liderrak zuzendu, erosi eta saldu zituen Interneten, eta hainbat enpresatarako CEO aritu zen: InfoMation Corporation, ZineZone Corporation eta iCAST Corporation.
Interneteko Top 100etako bat izendatu zuen Silicon Alley Reporter argitalpenak, 1999an; Top 25etako bat, Streaming Media aldizkariak, eta Top 100 Hedabide Exekutiboetako bat, The Hollywood Reporter argitalpenak. AOLren kontrako kanpaina egin zuen (“Tear Down the Wall”), eta kanpainak horrek harreman publikoetarako Silver SABER 2001 saria irabazi zuena.
Bere hirugarren liburua, “Willful Blindness” (Borondatezko itsutasuna), liburu komertzial onenarendako Financial Times / Goldman Sachs sariaren finalista izan zen, eta 2014an, Financial Timesek liburua hamarkadako negozio-libururik onenetako bat zela esan zuen. Ondotik, “A Bigger Prize” izenburuko liburua etorri zen (Sari handiagoa), Erresuma Batuko “Transmision Prize” sari garrantzitsua irabazi zuena. Azken liburua “Beyond Measure: The Big Impact of Small Changes” da (Neurriaz haratago: aldaketa txikien inpaktu handia), eta 2015ean plazaratu zen.
6 milioitik gora lagunek ikusi dituzte idazlearen TED solasaldiak. Munduko finantza-zerbitzu lider guztietan hitz egitera gonbidatu dute, eta FTSE eta S & P korporazio nagusietan nahiz munduko kirol talderik arrakastatsuenetan ere bai. Enpresa publikoak eta pribatuak aholkatzen segitzen du, oraindik ere goi exekutiboen eta exekutibo seniorren mentore izaten jarraitzen du, eta idazten re, Financial Times eta Huffington Post hedabideetarako.