ADITECHek SCIENCEKAITZA AURKEZTU DU, MAILARIK GORENEKO ZIENTZIA ETA TEKNOLOGIA NAFAR GIZARTEARENGANA HURBILTZEKO

ADITECHek SCIENCEKAITZA AURKEZTU DU, MAILARIK GORENEKO ZIENTZIA ETA TEKNOLOGIA NAFAR GIZARTEARENGANA HURBILTZEKO

sciencekaitza

ADItechek, Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean, SciencEkaitza aurkeztu du, hau da, zientzia eta teknologia nafar gizartearengana hurbildu nahi dituen topaketa zientifikoa. Hainbat enpresa dira SciencEkaitzaren laguntzaileak, hala nola Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Nafarroako Unibertsitatea, Nasertic, Mondragon Taldea, Iberdrola, Dana eta Viscofan, guztiek ere proiektu honetan sartu nahi izan baitute.

SciencEkaitza Lehiaketa Zientifikoaren aurkezpena ekimen honetako lehen ekitaldia izan da. Bukaerako ekitaldi nagusia, berriz, ekainaren 7an izanen da, Nafarroako I. Gala Zientifikoa eginen baita.

Aurkezpenean Manu Ayerdi izan da, Nafarroako Gobernuko Ekonomia Garapeneko Lehendakariordea eta Corporación Tecnológica ADItecheko presidentea. Nabarmendu du “I. Science Ekaitza Sariak tresna baliosa direla Nafarroan ikerketa-lanean diharduen komunitate zientifikoa eta teknologikoa sustatzeko, gizartearen aurrean aitortzeko, eta era berean, haien proiektuak tinko babesteko. Aurreikuspenen arabera, nazioarteko komunitate zientifikoko jende ospetsuak parte hartuko du lehiaketan, eta helburua da lehiaketa zabalkunde zientifikoaren erreferentzia izatea, bai eta Nafarroa ikerketaren mapan kokatzen laguntzea ere”.

Juan Ramón de la Torre ADItecheko Zuzendari Nagusia da, eta haren esanetan,     “I. SciencEkaitza Lehiaketa Zientifikoak ideiarik urratzaileenak sarituko ditu, hau da, jakin-min zientifikoak (edota anglosaxoiek dioten bezala, curiosity driven research-ek edo blue skies research-ek) bultzaturiko ikerketan oinarriturik dauden ideiak, eta horiez gain, ekonomia eraldatzeko gaitasunik handiena duten ideiak ere bai”. Sariek, aldi berean, gure komunitateko zientifikoen ikerketa lana aitortu eta babestu nahi dute.

SciencEkaitza lehen sariaz gain, lau Akzesit emanen dira, Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiako (RIS3) arlo bakoitzean aurkezten diren proiektu onenen artean: Automozioa eta Mekatronica, Osasuna, Elika Katea, eta Energia Berriztagarriak eta Baliabideak.

Lankidetza Teknologikorako eta Bikaintasunerako Zuzendariak, Paula Noyak, lehiaketari buruzko xehetasunak azaltzeaz gain, aurreratu du Nobel Saridunak eta zientzia eta teknologiaren munduan nazioartean aitorturiko beste izen batzuk izanen direla epaimahaikide proiektu irabazleak aukeratzeko. Proiektuak ebaluazio batzordeak aukeratuko ditu, eta ADItech nahiz enpresa babesle eta laguntzaileak izanen dira batzordekide. Epaimahaiak, halaber, SciencEkaitza Nafarroako Lehen Gala Zientifikoan parte hartuko du, eta bertan, zer proiektu izan diren irabazle jakinaraziko da.

  1. LEHIAKETA ZIENTIFIKOA

Ikertzaile parte-hartzaile guztiak taldeka aurkeztuko dira, eta taldeek gutxienez SINAI-Nafarroako Berrikuntza Sistemako bi agente ezberdinekoak diren bi kidez osatuta egon behar dute. Proiektuak aurkezteko epea 2018ko maiatzaren 4an bukatuko da.

Proiektu irabazleak nazioarteko aitortza jasoko du, bai eta laguntza ere, huraxe abian jartzeko, haren premien arabera. Halaber, aholkularitza pertsonalizatua emateaz gain, jakinaraziko zaio zer finantza-iturri dauden Europan proiektuaren garapen teknologikoa egiteko eta ideia irabazleak hedatzeko.

  1. GALA ZIENTIFIKOA

SciencEkaitza Gala Zientifikoan, zientziaren munduko buru argiak eta eragintsuak agertuko dira, Nobel saridunak barne, eta Baluarte Auditorioan eginen da.

Datozen hilabeteotan jakinaraziko da nor etorriko den Galara beren jakintza eta esperientziak trukatzeko. Halaber, laster jarriko dira salgai Nafarroako Gala Zientifikorako sarrerak; 3 €-tan, zehazki.

Galaren eta Sari banaketaren bezperan eta biharamunean, zientziari buruzko jarduerak ere eginen dira bai Nafarroako Unibertsitate Publikoan, bai Nafarroako Unibertsitatean.